XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Badira pare bat hilabete edonon egonda ere ipurzuloa igurtzeko gurari ezin eutsiz habilela, hain baita handia aipatu partean sentitzen duan hazkurea, eta puntu horretara helduta ez dakik zein den jada arazo larriena: hazkurea bera ala ipurdiaren eskakizunari amore emateko gogoa eta premia itzela, zeren aldioro harrapatzen haute sekulan ere desiratuko ez hukeen egoera ezinegokian, esku bat aurrean eta bestea atzean, nolabait esatearren.

Eta biziki hasi haiz kezkatzen, arazoari konponbide itxurosorik topatu ezinean.

Kaka egiteko momentuan, ordea, bestelakoa duk kezka, zeren uneoroko hazkurea min, benetako min bihurtzen baita orduan.

Ipurzulotik apur bat gorago hain zuzen, bereziki zabaldu behar denean urratu, kraskatu nahi bailuen.

Hazkurea eta mina nabaritzen hasi aurretik ere nolabaiteko desbiderapena somatzen hasia hintzen, gorotz-zeppelinak zuzen eta artez erori beharrean, beste zulo berriren bila ahalegintzen ari balira bezala.

Eta handixe etorri zitzaian lehenengo susmoa.

Hestearen desbiderapen objetiboa erreala izango ote da, ala inpresio subjetibo hutsa?

Eta galdera horri tajuzko erantzunik kausitu gaberik ere (zaila baino zailagoa baita, norberaren uzkiaren forma edo neurriei buruzko informazio zehatzik izatea) egunean behin, bi egunean behin edo egunero birritan segitu izan duk kaka egiten, (...).